Skip to the content.
banner_img1 banner_img2 banner_img3 banner_img4

GATAI Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) hezkuntza berrikuntza proiektu bat da, IKDi3 hezkuntza eredua jarraitzen duena (IKDi3 23-31). 2023-2024 ikasturtean burutzen ari da Donostiako campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean, Magisteritzan (HEFA II). Bertan parte hartzen dute Lehen Hezkuntza Gradua burutzen ari diren 3. mailako ikasleak. Bi irakasgai barnebiltzen dituen diziplinarteko proiektu bat da: Gizarte Zientziak eta beren didaktika II eta Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika, bertako irakasleak proiektuko koordinatzaile direlarik (Ursula Luna eta Amaia Serrano-Mariezkurrena). Proiektu honen asmoa unibertsitate-ikastetxe arteko harremana sendotzea da, Ikaskuntza Zerbitzuaren bidez.

Proiektuaren gakoak

  • Zer egiten dute EHUko ikasleek?
  • Gelan, bi irakasgai hauetan, gai gatazkatsu bat nola landu daitekeen ikasten dute Gizarte Zientziei loturik. Gai horien lanketaren garrantzia, bai gertaera historikoen bitartez (iraganekoak) zein egungo errealitateari hurbiltzeko moduen bitartez. Literaturako alorrean, album ilustratu generoaren ezaugarri eta interpretazioaz aritu dira, eta hezkuntza literarioa garatzeko baliabideak landu dituzte. Era berean, albumak genero multimodala izateaz gain, diziplinartekotasunaren bidez gai gatazkatsuetara gerturatzeko baliagarri direla ikusi dute. Ikasleek taldeka album ilustratu bat landu dute gelan, hori nola kontatu, nola interpretatu, heziketa literarioaren araberako jarduerak nola planteatu, eta abar ikasiz. Albumean lantzen den gai gatazkatsua LHko ikasleekin nola jorratu ikasi dute (hausnarketarako galderak nola diseinatu, zein baliabide aukeratu pentsamendu kritikoa sustatzeko, etab.). Lantzen diren ardatz nagusiak dira: pentsamendu kritikoa, herritartasunerako hezkuntza, heziketa literarioa.

  • Zein gai gatazkatsu lantzen dira?
  • Gaiak hiru bloke desberdinetan daude banatuta: memoria historikoa eta gatazka politikoak / generoa / migrazioak eta giza eskubideak.

  • Zer egin da ikastetxeekin?
  • Gipuzkoako lau ikastetxek parte hartzen dute proiektu honetan: Ordiziako Urdaneta Ikastetxea, Ordiziako Jakintza Ikastola, Itsasondoko Urkipe ikastetxea eta Tolosako Samaniego ikastetxea. Bertan, LH 1-6 bitarteko haurrekin burutu dituzte EHUko ikasleek euren saioen esku-hartzeak. EHUko ikasleek gelan ikasi dutena praktikan jartzeko aukera dute testuinguru erreal batean, eta horretarako eskola hauek bisitatzen dituzte bi saio desberdin burutuz.

  • Eta ikastetxeetako irakasleak, zer?
  • Eskoletara joan aurretik, Ursula Luna eta Amaia Serrano-Mariezkurrenak (EHUko ikerlari eta irakasleak) ikastetxe parte-hartzaileen irakasleei zuzendutako tailerrak diseinatu zituzten. Hartara, eskoletako irakasle eta tutoreek ezagutu zuten proiektua zertan zetzan eta saio horiek diseinatzeko EHUko ikasleek landu zutena zer zen.